KOMUNITATEA

Kontadores komunitatea jende askok osatzen dugu, besteak beste, espazioa astero entseguetarako, lanerako eta proiektuak martxan jartzeko betetzen duten gazte sortzaileek, bai eta Bidebieta auzoa pizten eta saretzen dabiltzan bizilagun eta elkarteek ere.

Kras kolektiboa

Kras Koletikoa gara, antzerki talde gazte sortzailea. Kontadoresen hutsetik hasi ginen lanean, eta pixkanaka "Animaliak” izeneko proiektua forma hartzen joan zen. "Animaliak" antzerki obra bat da eta gure munduaren ikuspegi kritikoa, surrealista eta komikoa erakusten ditu. "The Lord of the Flies" (William Golding) liburutik abiatu ginen eta publikoa harritzea, hunkitzea lortuko duen errealitate bat sortu nahi dugu bidean, pentsaraziko diguna.

Urtarrilean taularatu genuen Kontadoresen, eta lanean jarraitzen dugu. Gure berri jakiteko, begiratu Instagram kontuan: kraskolektiboa.

kras kolektiboa

Hystherria

Hystherria bizi izan dugun -edo bizitzen ari garen- pandemia egoera dela eta sortu dugun antzerki proiektu berria da, zeinak buru osasunaren arazoa lehenetsi nahi duen honek pertsonontzat eta gizartearentzat duen garrantziarengatik. Gorputzetik abiatuta lan egiten duen antzerki taldea gara eta prozesu horretan azaleratzen diren emozioak, pentsamenduak, ekintzak eta egoera ezberdinak erabiltzen ditugu eszena kritikoak eta hausnartzaileak sortzeko.

erlauntza bidebietaErlauntza Bidebieta

Erlauntzaren xedea BIDEBIETAN lanean dauden profesional guztien topagune izatea da, helburu nagusitzat auzoko pertsonen bizitza kalitatea sustatu,mantendu eta berreskuratzea izanik. Urtean zehar elkartzen gara auzoko langile ezberdinak gure arteko konfiantzan oinarrituz, elkarren lanaren berri izan, auzoaren egoera aztertu eta hau hobetzeko elkarlanak martxan jartzen saiatzeko.

Kontadores Gazte Zentroa ere auzoko sare honen parte da 2019tik.

erlauntza bilera

Donostiako beste auzo batzuetan ere martxan dago Erlauntza: Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Amara eta Parte Zaharra-Erdialdea.

Bidebietako Erlauntza osatzen dugu: Donostia Lagunkoia, Osasuna Sustatzeko atala, Donostia Kirola, Bidebietako Gizarte Zerbitzuak, Kontadores, Haurtxoko eta Gaztelekua, Erretiratuen Elkarteen Laguntza Teknikoa , Herri Partaidetza, Bidebietako Osasun Zentroa, Unamuno eta Martinez farmazia, Aramburu farmazia, Eusko Jaurlaritzako Osasuna Sustatzeko atala, Bideberri BHI , Sorginlore, Adsis Donostia OLH.

Bideberri

Bideberri BHI institutua Bidebieta auzoko ikastetxe publikoa da. Amara Berri Sistema aplikatuz, ikastorduetan, aniztasunerako jarduera osagarrietan eta arreta partikularrean jarriko dugu gure arreta-gunea eta indarra.Gune honen arrazoi nagusia guztion parte-hartze zuzena ahalbidetzen duen tresnaren garapena da.

bideberri

Kontadoresekin elkarlanean hasi gara azken urteetan, ikasle gazteen sorkuntzarako espazio egokiagoen bila batzuetan eta elkarrekin kulturaren, sorkuntzaren eta gazteen garapenerako ikastaro edo ekimen ezberdinak martxan jartzeko besteetan.

Dantzerti

Komunitatearen zerbitzura dagoen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Arte Dramatiko eta Dantza goi mailako Eskola da. Ikasleei, goi-mailako kalitatezko heziketa eskaintzea da gure helburu nagusia. Euskadiko herritarrei eskaintzen dizkiegu gure lana eta esperientzia, artea eta hezkuntza uztartuz.

dantzertiKontadoresekin lanean hasi gara Euskal Herri osoko gazteak arte eszenikoetara hurbiltzeko nahiak elkartzen gaituelako, besteak beste. Elkarlan honen ondorioz, gure ikasleen proiektu eta emanaldiak, irakasleek proposaturiko laborategiak Kontadoresera iritsiko dira, eta, aldi berean, haien espazio eta baliabideak zabalduko zaizkie gure ikasleei.

 

 

Gora joan